Badator zirkua!
Ezerezetik altxatakoa bailitzan, Gure Zirkuaren karpa ageri da bat-batean, gu guztiongan ikusmina piztuz. Etengabe berritzen den antzinako arteak bere mundua erakutsi nahi digu izarren azpian. Eta itxura da emozioen eta zentzumenen unibertsoaren indarra gertu begitantzen zaigula jada.


Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin.

Prest?
Gure Zirkuan sinetsi ezin denaz gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara. Harmonian batzen diren sentipen eta zirrarak guztiek sinfonia berezi eta partekatua osatuko dute; zirkua baino ez baita gai eutsi ezin diren irribarreak erauzteko, gorputz osoa astinduko duten hotzikarak sortzeko, eta azken finean, bizitza ospatzea ahalbidetzen digun zoriontasuna eragiteko.






